Press releases

ULMA Pipingek kooperatiba bihurtu du Lazkaon duen forja lantegia

Planarekin egonkortasuna bilatzen da, eta balio kooperatiboak sustatzea eta enpresaren posizionamendua bultzatzea industri sektore estrategiko berrietan.

ULMA Pipingek, oil & gas sektorerako osagarri forjatuetan, bridetan eta fittingetan munduko liderra baita, ULMA Lazkao Forging xurgatu eta harekin bat egitea onartu du. 2010ean erosi zuen Oñatiko enpresak Lazkao Forging enpresa. Horrekin batera hasiera ematen zaio, baita ere, ULMA Lazkao Forgingeko enplegatuak ULMA Pipingeko bazkide kooperatibista bihurtu eta egungo beste bazkide guztien eskubide berberak edukitzeko prozesuari.

ULMA Lazkao Forging –Forjas de Lazcano enpresa zaharra­– ULMA Piping proiektuan sartu genuenetik, garbi eduki dugu integrazioa honekin amaitu behar zela prozesua. Bikoiztasunak kenduta aurreztuko denaz gain, bat egite honekin egonkortasun handiagoa emango zaie bai enpresaren jarduerari bai enpresako langileei, eta errazagoa izango da, baita ere, gure helburu estrategikoekin bat etortzea”, ziurtatu du ULMA Pipingeko gerente Jesus Urienek.

Forjas de Lazcano enpresa duela 7 urte baino gehiago erosi zuen ULMA Pipingek, konpainiak zailtasunak zituen unean. Eragiketa horren ondoren, ULMA Lazkao Forging izena hartu zuen enpresak, eta posizionamendu komertzial berria bilatzen zuen plan estrategiko bat abian jarri zen, inbertsio programa sendo batean oinarrituta. Hori dena enpresa suspertzeko asmoarekin.

ULMA Lazkao Forging berriaren jarduera suspertzeko ekindako ekintzen ardatz nagusietako bat zen eskakizun zorrotzeko sektoreen alde egitea, hala nola industri balbula, turbinako alabe edo aeronautikako osagaien sektoreen alde. ULMA Piping Oil & Gasaren sektorerako ari zen nagusiki, eta dibertsifikazio horrek aukera gehiago ematen dizkigu eta arlo batean kontzentratuta egoteak dakarzkigun arriskuak murrizten dizkigu.

Ekoizteko Ahalmena eta Malgutasuna.

ULMA Lazkao Forging erostearen beste helburu bat zen ULMA Piping negozioaren eskala handiko ekoizpen ahalmena neurri txikiagoko enpresen bereizgarri diren ezaugarri batzuekin konbinatzea, esaterako tamaina txikiagoko eskaerei erantzuteko arintasunarekin eta nitxoko merkatuetan barneratzeko malgutasunarekin.  Gaur egun, ULMA Lazkao Forging, zeinak 2017a 13 milioi euroko salmentekin itxi baitzuen,  konpainia sendoa da, eta 60 pertsona baino gehiagori ematen die enplegua.

“Bat egiteak errazago egingo digu sinergiak ezartzea eta, beraz, merkatuari beste ikuspegi batetik heltzea, gure bezeroei eskaintza kohesionatuagoa eskaintzeko. Gure helburua da gure bezero guztiei modu integralean erantzutea, enpresa gisa eta marka gisa dugun posizionamendua indartu ahal izateko”, gaineratu du Jesus Urienek.

ULMA Pipingeko gerenteak azpimarratu du, halaber, operazioa ULMA Taldearen filosofiarekin eta enpresa ikuspegiarekin bat datorrela eta, estrategia bateratu bat eta enpresako plan sozioenpresarial harmonizatu bat bultzatzeaz gain –enpresarako onurak–, bere eraginpeko arloaren garapen ekonomikoan eta enpleguaren sorreran laguntzen duela.

ULMA Pipingek hodi, brida eta fittingetarako forjako osagarriak fabrikatzen ditu, Petrolio, Gas, Petrokimika eta Energiaren sorkuntzako industrietan erabiltzeko, eta sektoreko liderra da ekoizpenari eta teknologiari lotuta duen ahalmenari esker. Enpresa ULMA Taldearen zortzi negozioetako bat da, 80 herrialde baino gehiagotan dago presente, 5.000 pertsona inguruko plantilla batekin, eta 800 milioi euro inguruko fakturazio bolumenarekin.